Natura, mendia, zuhaitzak, gurutzea, aterpea, artzaiak, Belar, Duru, Gorgomendi, Arantzazu... ______________________________________________________

2010(e)ko otsaila 16, asteartea

2011ko eta 2010eko ZUHAITZ EGUNAK


1.1 - 2011ko ZUHAITZ EGUNA
2011ko zuhaitz eguna martxoaren 6an egiteko asmoa zegoen, baina elurra zegoelako, martxoaren 27ra atzeratu zen. Aloñako magalean egin zen, goi aldeko pista bazterrean. Durun elkartuko ginen, goizeko 9:30etan. Eguraldi kaxkarra, hotza, haizetsua eta euritsua egokitu zen.
Antolakuntza, bestalde, bikainenetakoa, Imanol eta Jon basozainei zein Natur Eskolako Imanoli esker. Hogeita hamar lizar landatu ziren, bertaratutako boluntarioei esker. Izena emateko, bi aukera hauek egon ziren:
A) Fernando Maiztegiri esan, Patrue Kaleko bere tailerrean, edo
B) Posta bat bidali blogaren helbidera: aloinalagunak@gmail.com

Landaketaren ondoren, Durun Bittor Altubek duen txabolaren sutondoan, salda beroa hartu genuen.


Parte-hartzaileak honako hauek izan ginen:
1- Imanol Biain
2- Anton Inza
3- Jabier Atxa
4- Manoli Rivero
5- Pili Aranguren
6- Iñazio Irizar
7- Fernando Maiztegi
8- Rosarito Anduaga
9- Migel Anjel Irizar
10- Maribi Korkostegi
11- Antonio Alonso
12- Migel Mari Korkostegi
13- Txaro Arregi
14- Jon Ugarte
15- Imanol Artola
16- Bittor Altube
17- Xabier Arregi
18- Koro Elortza
19- Juanje Anduaga
20- Iosu Lizarralde
21- Jabier Etxeberria
22- Ismael Etxeberria
23- Wednesday Lopes
23- Mikel Dorado
25- Mikel Biain
26- Pedro Zabaleta
.
.-----------
.
1.2 - 2010eko ZUHAITZ EGUNA
2010eko zuhaitz eguna martxoaren 21ean egin da (aurretik 14an egitekotan ginen, baina elur asko zegoelako, astebete atzeratu zen), Aloñako magalean. Durun elkartu gara, goizeko 9:30etan, eta pista bazterreko azken aurreko bihurgunean, 1.175 metro inguruko altueran, 30 zuhaitz landatu ditugu: 25 lizar eta 5 hagin.
Foru Aldundiko Imanol Artola basozainak eta Oñatiko Natur Eskolako Imanol Biainek zehaztu dute lekua, eta baita nola landatu.
Sartu dituzten boluntarioen zerrenda dator ondoren. Urtero antolatzeko asmoa dagoenez, aurten ezin izan duenak, 2011n izango du aukera.
Lizarark edo haginak sartzeko, honako lekuetan eman dituzte izenak:
A) Fernando Maiztegiri, Patrue Kaleko bere tailerrean, edo
B) Posta bat bad bidaliz blogaren helbidera: aloinalagunak@gmail.com.
Eguna lainotsua eta umela izan arren, euririk ez du egin, eta giroa oso ona izan da boluntarioen artean, auzolanean gogor lan eginaz bizpahiru orduz.
2010eko boluntarioak honakoak izan dira:
1- Iñazio Irizar
2- Pili Aranguren
3- Imanol Biain
4- Anton Inza
5- Maribi Korkostegi
6- Antonio Alonso
7- Jose Luis Fdez. Maure
8- Consuelo Astigarraga
9- Santi Lizarra
10- Rosarito Anduaga
11- Migel Anjel Irizar
12- Mailo Torrealdai
13- Manoli Rivero
14- Jabier Atxa
15- Koro Elortza
16- Juanje Anduaga
17- Adela Korkostegi
18- Pedro Lopez
19- Joxe Larrañaga
20- Felix Bengoa
21- Rafael Altuna
22- Ismael Etxeberria
23- Jabier Etxeberria
24- Iosu Lizarralde
25- Ekaitz Legorburu
26- Jexux M. Aranburu

.
-----------

2- EZAUGARRI FISIKOAK


2.1- EZAUGARRI OROKORRAK
Aloña-Aizkorri-Aratz karst-a Pirinioak eta Europako Mendien artean dago kokatuta, Euskal Herriaren erdigunean, Penintsula Iberiarraren iparraldean. Kantauri itsasotik 35 kilometrora egonik, bertara doazen Deba, Urola eta Oria ibaien sorlekua dugu.

Aizkorriko mendikateak erdi aldera mehetzen den arku itxura dauka, V itxura duen Araotzeko haranaz erdibituta. Mendebaldeko zatian geratzen diren gailur ezagunenak honakoak dira: Orkatzategi (874 m.), Andarto (1076 m.) eta Kurtzeberri (1164 m.). Mendebaldera dauden gailur entzutetsuenak, berriz, beste hauek: Aloña/Gorgomendi (1248 m.), Aizkorri (1528 m.), eta Aratz (1433 m.).

Mendikateak 51 km2-ko zabalera dauka, iparralderuntz Oñati, Legazpi eta Zegamako udalen artean banatuta, eta erdialderuntz Gipuzkoa zein Arabako hainbat herritako Urkilako Partzuergo Orokorrera.

Mendikatera igotzeko biderik samur eta estimatuena Arantzazutik abiatzen da, baina badira bideak Belar, Udana, Otzaurte-San Adrian, Araia edo Zalduendotik. Batzuk besteak baino maldatsuagoak, baina denak ere erabiliak gaur egun.

Aloña-Artzanburu erdi mailako mendien klimatologia bailarakoarekin alderatuta erabat ezberdina dugu, alderdi ugarik eragiten baitute: haizearen norabidea zein intentsitateak, laino eta hodeiak, erradiazioak, prezipitazioak, tenperaturak eta lurrinketak.

Urteko prezipitazioa ugaria da, 2000 eta 2200 mm.koen artekoa, berdintasun handiz banatua urtean zehar, izan ere garairik lehorrenean ere, aixkomentean uztaila/abuztua, batez besteko 100 mm. euri jasotzen baitira. Abendua izaten da hilik euritsuena, apirilarekin batera, eta oro har 180 bat egunetan izaten dugu euria eta horietatik 40ren baten elurra da Aloñako mendikatean.

Tenperaturari dagokionez, uda aldera egunak epelak izaten dira usu, eta hotzak neguan. Mendian izugarrizko eragina dauka haizeak, eta maila apalagoan erlainoak, aipatutako tenperatura gradu batzuetan jaisteko. Aloñako gurutze inguruan tenperatura batez besteko 7 gradu ingurukoa da, hotzenak 2ºak izanik urtarrilean eta beroenak 15ºkoak abuztuan. Egunik hotzenetan, berriz, han goian termometroa –14ºraino ailegatzen da.

Eguzki-ordu garbiei dagozkienez, lainoak edo eguraldi txarrak direla eta, nahiko urriak dira: 1300 ordu urteko, gutxi gorabehera.

Haizeak berriz, nahiko apalak izaten dira urtean zehar, aldiro 200 km/orduko indarra hartzen badute ere, ipar-ekialdekoak direnean bereziki. Dena den, urteko gehiengoa kontuan hartuta, mendebaldeko haizea dugu nagusi. Ipar haizea dabilenean berriz eskuarki xirimiria dakar, zelaietako belargune orlegien mesederako. Udazkenean bestalde, badaki hego epelak jotzen, ehiztarien eta maiteminduen mesederako.

Amaitzeko, euri frankoaren eraginez uraren balantzea positiboa da urtearen gehiengoan. Dena den, lurraren ur-atxikimen ahalmen ahularen ondorioz, tartekako garai lehor motzek eragin kaltegarriak ekar diezaiokete landarediari. Azken azterketen arabera, lurreko karst-en artetik 1600 mm. inguru ur doaz, eta lurrinduz berriz, urtero 600 mm.
.
.---------------

2.2 - LANDARERIA
2.2.1- ISURIALDE KANTAURIARREKO ETA TRANTSIZIO-ESKUALDEETAKO LANDARERIARI BURUZKO IDEIA OROKORRAKHiru mendi-lerrok zeharkatzen dute ekialdetik mendebaldera Euskal Herriko hegoaldea, oro har:
- Iparraldeko mendiak: Aralar, Aizkorri, Elgea-Urkilla, Gorbea, Salbada eta Ordunte,
- Trantsizioko mendiak: Badaia, Gasteizko mendiak, Entzia, etab.,
- Hegoaldeko mendiak: Arzena, Kantabria eta Kodez.

Hiru egitura garai hauek lau haran-multzo mugatzen dituzte euren artean: haran atlantikoak lehen mendi-lerroaren iparraldean, haran subatlantikoak lehenengoaren eta bigarrenaren artean, trantsizio-zonako haranak bigarrenaren eta hirugarrenaren artean, eta arabako errioxa azken mendizerren hegoaldetik.

Haize nagusiak ipar-mendebaldekoak dira, eta kantauri aldetik mediterraneorantz garraiatzen duten hezetasun atmosferikoak maila desberdineko eraginez ukitzen ditu, topografiaren arabera, aipatutako eskualdeak, beraien landare-paisaia bereziaren moldakuntzan parte hartuz.

Haran atlantikoaren erliebea oso malkartsua da, haran estu eta mendien etengabeko segidaz eraturiko gorabeherez josia. Trantsizio-eskualdeetako erliebea askoz ere leunagoa da: haran zabalak eta muino txikiak dira bere ezaugarriak.

Plubiometriako emaitzak ere guztiz desberdinak dira alde bietan: zonalde atlantikoan erraz gainditzen dira 1.000 mm-ak (eta 2.000 mm-tik gora pasatzen dira uren banalerroko mendien goialdean), baina Haran Subatlantikoetan urteko euritza nekez igotzen da 800-900 mm-tik gora, eta udaldian lehorte txiki bat gertatzen da.

Tontorrik altuenak Aizkorriko mendizerran (1.544 m.) eta Kantauri-Mediterraneoko uren banalerroan aurkitzen dira, berau klima-muga garrantzizkoa bihurtuz. Banalerroaren iparraldean NW-ko haize hezeek ekarritako plubiositate handiak, mendi-laino usuek eta erliebe malkartsuak eraginda, landare menditarrak behe-altitudeetan azaltzen dira. Oso normala da, Gipuzkoan batez ere, haritz kandudunari dagokion altitudean pagoak aurkitzea. Hezetasun atmosferiko iraunkorraren itzalpean ibar eta haitzarteetaraino jaisten dira pagoak.

Aloña inguruko lurraldean bi landaredi-maila bereizten dira: muinotarra eta menditarra. Lehenengoa, behe-lurrei dagokiena da eta jatorrizko paisaian haritz kankudunare hariztiak (Quercus robur) izan ziren nagusi. Lehortasun edafiko handiagoko aldeetan, artadia (Q. Ilex) gailentzen zen eta oraindik ere gailentzan da, estaia menditarrean ere abiatuz. Haltzadiak (Alnus glutinosa) zeuden ur-ibilgu guztien ertzetan , mendi-erreken ertzetan barne. Estaia muinotarren gainean (beti ere mendi-hegal bakoitzaren begiralde, malda, eta abarrek gorago edo beherago ezarritako altitudean), estaia menditarra kokatzen da, garai batean gure mendiak erabat jantzi zituzten pagadien nagusigoa. Estaia mediterranean (inoiz muinotarrean ere bai) aurki daitezke bestelako batzuk ere, ameztia (Quercus pyrenaica), haritz kandugabearen hariztiak (Q.petraea) eta haritz hibridoen harizti kaltzikolak. Baina guztion presentzia oso eskasa da.

Azkenik, esan beharra dago gaur eguneko paisaia guztiz eraldatuta aurkitzen dela, salbuespenak salbuespen, berezko baso-masa txiki eta hondatu batzuk bakarrik geratzen baitira. Paisaiaren osagai nagusiak belardi, labore-lur eta konifero kanpotar birlandatuen sailak dira, eta hauen artean intsinis pinua (Pinus radiata edo P. insignis) da alde handiarekin hedatuena eta ugariena.

2.2.2- OÑATI-ALOÑAKO LANDAREDIA
- Artadi kantauriarra
Izaera batik bat mediterranearra duen landaredia, iraganeko aro eta klimetako erlikia da. Isurialde kantauriarrean eta isurialde mediterranearrean aurki daitezke, altitude gutxiko haran eta haitzarte babestuetan.

Artadia lurzoru lehor, ia-eskeletikoetan gurentzen da, estaia muinotarreko edo behe-menditarreko begiralde eguzkitsuetan. Oinarrizko substraktuak aukeratzen ditu aixkomentean, bereziki kararriak, eta batzuetan margak, noizbehinka silize gainean ezartzen bada ere.

- Erkamezti-harizti kaltzikola
Quercus pubescens eta Q. Faginea espezien hibridoak dira eta sarritan Q. Robur eta Q. Pyrenaica-ren introgresioa ere erakusten dute. Mendi-hegal kararritsu edo, gutxiagotan, margatsuetan ezarritako baso-formazio hauek garrantzi txikikoak dira. Zuhaitzek eite erdipurdikoa lortzen dute, eta estaldura eskasa. Belarki-geruzan albitz-belarra (Brachypodium pinatum) nagusitzen da, pre-txilardi atlantikoa deituriko unitateko landare basofilo batzuekin batera.

- Ameztia
Ametzari (Quercus pyrenaica) lurzoru aske, hareatsu, ondo drenatuak eta substratu silizeotan ezarriak zaizkio atsegin, eguterako eta laino gutxiko inguruetan. Gure mendi silizeoetako eguterek eta gailurrek eskainitako baldintzak aukeratzen ditu, eta berdin isurialdearen hegoaldeko zenbait lautada hareatsutakoak.

Ameztietako floran hainbat landare azidofilo sartzen dira (haietako asko txilardi-otadietako berdinak), hala nola: Pseudarrhenatherum longifolium, Pteridium aquilinum, Arenaria montana, Deschampsia flexuosa, Potentilla erecta, Vaccinium myrtillus, Melampyrum pratense, Agrostis curtisii, oteak, txilarra, etab.

Ametz banakak eta ametz-zuhaiskak edo haren eta haritz kandudunaren hibridoak leku askotan ikus daitezke oso sakabanatuta. Legazpi, Oñati eta Arrasateko lurralde batzuk dira egokienak haren ezarpenerako, eta oraindik ere mantentzen dituzte baso hauen aztarnak, oso murriztuta eta degradatuta egon arren.

- Harizti azidofiloa eta harizti-baso misto atlantikoa
Euskal Herriko isurialde kantauriarrean, estaia muinotarrean ia nagusitasun osoa duten landaredi potentzialak dira.

Haritz kandudunaren nagusitasuna duten basoak bi motakoak izaten dira beren kokalekuaren arabera: mendi-hegaletako zoru oso zidoetakoak edota errekagune nahiz troka-hondoetan, pH ia neutroa duten lur-zoruetakoak.

Lehenengo baso-motan landare nabarmenki azidofiloen alkarteak aurkitzen dira, hala nola: Blechnum apicant, Dryopteris dilatata, Pteridium aquilinum, Hypericum pulchrum, Teucrium acorodonia, Deschampsia flexuosa, Pseudarrhenatherum longifolium, Hieracium laevigatum, Lonicera peryclimenun, etab. Gainera, Castanea sativa eta zenbait zuhaiska edo arbolatxo: Ilex aquifolium, Pyrus cordata, Betula celtiberica, eta Frangula alnus.

- Quercus petraea-ren hariztia
Haritz kandugabeak, Quercus petraea, ez du inoiz sail handirik okupatu Euskal Herrian, eta han-hemenka azaltzen da Udanatik Aloña alderantz, bereziki silizeo lekuetan. Haritz kandugabea azaltzen den inguru berberetan kokatzen da ametza ere gehienetan. Ekologikoki, honen eta haritz kandudunaren edo pagoaren tarteko ingurugiroan kokatu ohi da.

- Urkidia
Urkiaren (Betula celtiberica) nagusitasuna duten arboladiak nahiko usuak dira kantauriko isurialde leku batzuetan. Ia beti formazio sekundarioak dira, hariztien edo pagadi azidofiloen mozketa edo degradazioarekin abiatuak. Era berean, zoru ez-egonkorretan unadak eratzen ditu urkiak aipatutako basoetan. Urkiak pinudi birpopulatuen mozketa-sail batzuk ere kolonizatzen ditu.

- Pagadi kaltzikola edo eutrofikoa
Lur neutroetan edo substratu basiko karbonato-edukin altukoetatik eratorritako lur ez oso azidoetan bizi ohi dira pagadi kaltzikoa eta eutrofiloak. Bestelako substratuetan dagoenean, nahiz eta hauek basikoak izan, lur-zorua azidifikatu egiten da plubiositate hain handiak eragindako lixibazioagatik. Ondorioz, pagadi eutrofikoak askoz ere urriagoak dira azidofiloak baino.

- Pagadi azidofiloa
Lur gehienak azidoak izanik, pagadi gehienak mota honetakoak dira. Baso hauek pobretuta aurkitzen dira jasandako ustiaketa gogorragatik, eta bere florako espezie aipagarrienak honakoak dira: Ilex aquifolium, Vaccinium myrtillus, Deschampsia flexuosa, Blechnum spicant, Oropteris limbosperma, Veronica officinalis, Luzula multiflora, Luzula sylvatica, Oxalis acetosella eta Euphorbia dulcis.

- Haltzadi kantauriarra
Ibai eta erreka guztietan haltza (Alnus glutinosa) izaten da zuhaitzik ugariena. Batzuetann gainera, kolonizatzaile bezala ere badihardu ezponda, lur urratu eta sakonune hezeetan. Ibai-ibilguak luzera osoan haran estuetan artekatuta dabiltzanez, haltzadiak galeri basoak izan ohi dira, oso estuak. Are gehiago gaur egun, ilara bakarra edo ilara batzuetara murriztuta geratu direnean. Horregatik, berehala iragaten da haltzadiko landare-elkartetik harizti-baso mistora.
.
.-------------

2.3 - GEOLOGIA
2.3.1- ESTRATIGRAFIA
Irizpide paleogeografiko eta tektonikak kontuan hartuta, Aloñako mendikatea Bilbotik Altsasura doan failan kokatzen de, Albocenomaniense edo Supraurgoniano gunean.

Udanatik Artzanburura doan bidetik azter daiteke ondoen lurraren egitura estratigrafikoa, hareharriz eta lutitaz osaturik bereziki, bata eta bestearen presentzia antzerakoa izanik.

Botreaitz-Aizkorriko mendikatean kararrizko hiru multzo nabarmen antzematen dira, materiale karbonatuez bereiztuta. Beheko lisotomoan kararria izanik nagusi, tarteka oparoak dira rudisten muinoak eta ostreidoen bihoermoak. Erdikoan lur-tartekatze nabarmenik gabeko kararri ugariak daude, eta hirugarren lisotomoan kararri estratifikatuei dagokien zati basala aurkitzen da. Lisotomo hauek neurria aldatuz doa 20 metrotik 125eraiano.

Oñatitik Arantzazura doan bidetik ikusten den legez, ale xeheko hareharri karedunen iluneko multzoak nabarmentzen dira, eremu dezimetroekin estratifikatuta eta margak tartekatuz. Hori horrela, Botreaitz eta Artzanburuko hegoaldeko maldetan hareharrizko marga ilunak ugariagoak dira, metro batzuetako potentziako bustin kareduna tartekatzen zaizkiela. Sarri askotan margak kaltzifikazioa galduta dute, eta lutita zein limotita ilunaren antza hartzen dute.

2.3.2- SEDIMENTULOGIA
Milioika urtetan ur azpian egon diren gure lurralde hauek, aro eta fase ezberdinetako aldaketaz lortu dute gaurko itxura hartzea. Ziklo sedimendarioak honakoak izan ziren:

- Hauteribientse/ Marremiense zikloa (Purbeck-Weald): Itsas eremu lurtar bihurtzen den trantsizio aztarna bereziak antzeman daitezke. Lurralde batzuetan ostreidoen biohermo txikiak eta rudistak garatzen dira.

- Urgoniano zikloa (Behe-erdiko Aptiense Albiense): Hiru sekuentziatan utzi dizkigu bere aztarnak: kareharriak, litosomoak eta ezponda handiak. Ziklo honetan lautadak failekin tartekatzen dira eta mendizerrak agertu.

- Albozenomaniense zikloa (Albiense erdi-goiko eta Zenomaniense erdikoa): Lurraren historian ziklo honek amaitzen du itsas-zikloa. Urgoniano garaiko erliebe arrezifalen gainean bertako sedimentu hiatoak sortzen dira, haien komunitate biologikoaren bizitza amaituz. Era horretan, kareharrizko ezarpenak nagusituko dira.

- Goi kretaziko zikloa (Zenomaniense eta Kanpaniense): sedimentu margoso eta kareharrizkoak dira ugarienak.

2.3.3- GEOLOGIA ESTRUKTURALA
Oñatiko herria Bilbo-Altsasu faila handiaren bidean dago kokatuta, eta horrek bereizten du Behe eta Goi Kretazikoko materialak.

Alboko marrazkian ikus daitezkeenez, failaren aldamenetan hainbat tolestura ertain daude Ipar 120º – 130º Ekialde norabidearekin: San Prudentzioko sinklinala, Oñatiko sinklinala, Udalako antiklinala, Garagartzako antiklinala, etab.

Oñatiko sinklinalak Ipar-Mendebalde Hego-Ekialdeko orientazioa du, hego aldean ukitzen duen San Prudetziokoaren berbera, eta jarraipen kartografikoa dauka, Aizkorriko failak amaiera badakarkio ere. Horren babesean sortutako egitura sinklinalaren hegoa, ostera, Ipar-Hego tolesturak desitxuratzen dute.

Bilboko failak aski norabide zuzena darama Aloñako mendikatean, Aratz igaro arteraino, hegoaldeko joera duela beti ere. Bere zeharkaldian haustura paralelo garrantzitsu batzuk ditu eta nabarmenena ipar aldeko fazies Weald zerrenda da.
.
.-------------

2.4 - HAITZULOAK
2.4.1 - ALOÑA ALDEKO HAITZULOAK
1- Akaitz 1
2- Akaitz 2
3- K-25
4- Belatxingaitz
5- Maila
6- Harlepoko zuloa
7- Duruko meategia
8- Kostain Potolo
9- Azkonar Zulueta goikoa
10- Duru 2
11- Akaitz 3
12- Kosotxo
13- Azkonar Zulueta behekoa
14- Aloña bizkarreko koba
15- Lizartzako iturria
16- Buetraitz 5
17- Buetraitz 9
18- Buetraitz 6
19- Buetraitz 10

20- Atxuriko meategia
21- Buetraitz 4
22- Buetraitz 3
23- Buetraitz 1
24- Haginagako leizea
25- Buetraitz 7
26- K1
27- Aloña iparraldeko koba
28- KL 1
29 Buetraitz 2
30- 30
31- Gorgomendi 1
32- Aloña bizkarreko leizea 2
33- Aloña bizkarreko leizea 3
34- Ubaoko urzuloa
35- Belargo leizea
36- Kataosteko meategia
37- Ezaetako koba
38- Gomistegi.

-2.4.2 - ALOÑA "I" HAITZULOA
Kokapena: Aloña Mendiko iparraldeko magalean. Long.: 02º 23’ 35’’, Lat. : 42º 59’ 53’’, Alt.: 1.250 m., X.: 549.756 Y.: 4.760.568 Z.: 1.250.
Deskribapena: Haitzuloak bi galeria ditu. Bietako handiena M. aldera zuzendua dago eta 55 m.ko luzera eta 10 m. altuera du. Beste galeriak 30 m.ko luzera eta 7 m.ko altuera du. Sarrera estua da, eta 6 m.ko altuera du. Materialak sarreran eta galeria handienaren bukaeran aurkitu ziren.
Historia: Oñatiko Aloña Mendi Espeleologia Taldea - A.M.E.T. elkarteko kideek aurkitu zuten aztarnategia eta bertako materiala kontu handiz jaso zuten.
Materiala: Fauna-hezurrak. Ugaztunak: Ursus arctos.
Sekuentzia kulturala: Zehaztugabea.

2.4.3 - UBAOKO URZULOA
Ubaoko ur-ezkutuak Aloña mendiaren magaleko behealdean daude, eta urteetan Oñatiko herriaren edateko ur-sarearen oinarrietako bat izan dira. Bere ahoa kararrizkoa den dozenaka metroko horma bertikal baten pean dago, kararri urgoniana eta argilita supraurgonianaren artean, 620 metroko altueran.

Bere mailaren mantenurako Aloñatik Kataberarainoko rudisten lurretatik datozen urak jasotzen ditu, uraren beste inongo irteerarik ez baita oraino aurkitu. Izan ere, ezagutzen diren lurpeko korronteek Kataberako meategikoa eta Kataberako Haitzulo 3 eta Haitzulo 5ekoak dira soilik. Urteko batez besteko emaria segunduko 200 litrotan dago.

Ubaoko ur-ezkutuetan abiatzea askea da une oro, eta Aloña Mendiko Espeleologia Taldearen aldetik aztertua izan den hodi aktiboa 525 metro sartzen da mendian barrena, Iparmendebal - Iparekialde norabidean. Sasoi baten, Urkuluko urtegia egin aurretik, Ubao zen Oñatiko ur-hornitzaile nagusia.
.
.---------------

2010(e)ko otsaila 15, astelehena

3- GIZAKIAREN AZTARNAK


3.1- ARKEOLOGIA
3.1.1 - TRIKUHARRIAK
Trikuharriak gure arbasoen kristautasunaren aurreko monumentu megalitikoak dira, gorpuak ehorzteko eratzen zirenak. Bere egiturak antzerakoak izaten aixkomentean: lurrean finkatutako harriak, zutik, eta estaltzeko harlauza handiak gainean..

ARTZANBURUKO TRIKUHARRIA
Kokapena:* Aizkorriko megalitotegia
* Artzanbururen hegoaldera dauden larreetan, Urbiako Partzoneriko mugatik hurbil.
* Long.: 01º 19’ 10’’, Lat. : 42º 58’ 37’’, Alt.: 1.305 m., X.: 551.640 Y.:4.758.665, Z.: 1.305
* Deskribapena: Trikuharri labur itxia.
* 1918ko induskariek ziotenez, 12 m.ko diametroa eta 1’50 m.ko altuerako tumulua zen. Ganbara, zutik dauden lau harlosek eta barnealdera eroritako beste batek osatzen duten esparru errektangular bat da.

Gaur egun: bere erdian, 13’50 m. diametroko eta 1’50 mko altuera duen tumulua. Erdiko kraterrak, 6’50 m. diametrokoa, beste bat du bere barnean, 2x2 m. diametrokoa eta 0’70 m. sakonerakoa. Bertan aurkitzen dira 4 ganbara-harlauza angelua eratuz, eta apurtutako beste batzuen zatiak. Bertako kareharriak, industzaileek aipaturiko inguruko hareharrizkoak ziren, estalki-harlauzak izan ezik.

Historia: On Joxemiel Barandiaranek aurkitu zuen 1917an, eta Telesforo Aranzadi eta Eugenio Egurenekin batera induskatu zuen 1918an.
Materialak: Giza-hezurrak: gutxienez gizabanako heldu bati dagozkienak. Animali-hezurrak: zehaztugabeak.
Sekuentzia kulturala: neolito-brontzea.

3.1.2- TUMULUAK
Tumuluak hilobi bat edo gehiago (sarritan dolmenak) estaltzen dituzten lur edo harri-metaketa handiak dira.

MALLAKO TUMULUA
Kokapena: * Aizkorriko megalitotegia
* Malla-tokian, izen bereko saroitik 300 m.ra. HMrantz.
* Long.: 01º 18’ 05’’, Lat. : 42º 59’ 01’’, Alt.: 1.045 m., X.: 550.200 Y.:4.759.395, Z.: 1.045.
* Deskribapena: Tumulu zirkular nahasia.
* Historiaurrean nahiko arruntak ei ziren, eta honako honen neurriak hauek dira: 11 m.ko diametro eta 0’50 m.ko altuera. Erdiko kraterra 1’50 m. diametro eta 0’30 m. sakonerakoa izanik, ez du ganbara-harlosarik. Bertako kare-harriz egindakoa da.
Historia: juan San Martinek aurkitu zuen 1953an, eta ez da induskatua izan.
Sekuentzia kulturala: neolito-brontzea.
.
.----------------

3.2- OROGELATRIA: MENDIEN GURTZA
Edozein lurraldetan, garai eta erlijio guztietan, mendiak erakargarritasun berezia izan du jainkoen gurtzarako.

Antzinako Grezian, 2911 metro zituen Olinpo mendia jainkoen bizilekua zela uste zen. Bertan bizi ei ziren Zeus eta bere emaztea Hera, anaia Poseidon, eta seme alabak Apolo, Hermes, Hefesto, Ares eta Dioniso. Bestalde, mitologiako Musak Parnaso mendian bizi ziren, eta bertan zegoen Pitiasko orakulua, poetentzat munduaren erdigunea zena. Hain zuzen, Kastaliako iturria hartzen zen inspirazio poetikoko iturri nagusitzat.

Indian, Kailasa mendia Shiva jainkosaren bizitokia da, eta monastegi budistak Nepalgo mendi garaietan eraiki ziren. Txinako enperadoreek sakrifizioak mendietako gailurretan egiten zituzten, eta taoisten ustetan, hilezkorren arimak mendietan bizi dira, hala nola Japongo Fuji-Yaman. Balin ere, Gunung Agung mendia sakratutzat daukate hildakoen arimak bertan bizi direlako.

Hegoameriketako inka, azteka edo maya kultura prekolonbinoetan, ez ziren soilik mendi gailurretan tenplu paregabeak eraikitzera mugatu, harrizko muinoak ziruditen piramidez edertu baitzituzten lurralde lauak. Inkak Machu Pichu eraiki zuten mendi gailurrean.

Bibliak dioenez kanaeoak altareak eta tenpluak leku garaietan jasotzen zituzten, eta hebraitarrak mendiak Yaveri eskaini zizkioten. Moisesek taulak Sinai mendian jaso zituen, eta Itun Berrian zein Zaharrean ugariak dira aipamenak.

Mendiak sakratuak ziren jada kristautasunaren aurreko euskaldunentzat. Lamien kontakizun gehienetan lamiak mendian zuten bizilekua, eta historiaurreko aztarnategi askotan trikuharriak eta harrespilak bazter menditsuetan zeuden. Badirudi hasierako hainbat ermita eta haitzulo santu, garai bateko gurtza astral eta idolatrak indargabetzeko eraiki zirela.

Aita On Jose Miel Barandiaran jakintsuak zioenez, historiaurreko jendearen bizileku, hilerri eta aztarnak mendietan aurki daitezke, gaur egungo artzaien etxabolen aitzindari. Ondoren etorri dira kristautasunaren hainbat seinale eta eraikuntza: Beolarrako Andre Maria, Izkizko San Bartolome, Santorkaria eta Sarratxo, Gibijoko Santa Engrazia, Badaia eta Arratoko Santa marina, Entziako San Bitor, Urbasa eta Andiako Santa Marina, Beriaingo San Donato, Andia eta Aratz-Aizkorriko San Adrian, Gorbeiako gurutzea, Aizkorriko gurutzea, Elgeako Santa Marina, Erkudeko Santa Maria, Hirukutzeta, Ernioko gurutzea, Aralargo San Migel, Larruneko Santispiritu, Irati bideko Salbatore, Auskiko Andre Maria, Soihartzako Andre Maria, Araneko Santa Magdalena, Muskildako Andre Maria, eta bertze hainbat.

Hogeigarren mendearen hasieran gurutze ugari jarri ziren mendietan, Leon XIII Erromako Aita Santuak hala eskatuta kristautasunaren seinale. Aloñako gurutzeaz gain, Euskal Herrian beste asko jaso ziren. Gorbeiakoa da ezagunenetakoa.

Gaur egun, fede edo sinesmen jakin bati jarraitu barik ere, euskaldun askoren bizitza mendiari lotuta dago, gailurretara igotzeko sena bizirik dirauela. Goi aldean lurra eta zeruaren ertzak besarkada batez ukitzen diren lekuan.
.
.------------------

3.3- KAROBIAK
Karegintza antzinakoa izan arren, duela bost mende indartu zen bere erabilerak, artoa eta arbia ereiten zen soroetan botatzeko, uzta hobeak lortzeko asmoz. Baina horrez gain, bazituen beste hamaika erabilbide, hala nola letxeriaz baserriak zuritzeko, itoiak desinfektatzeko, igeltseroak morteroa egiteko, fruta arbolen enborretan emateko ...

Oñatik garai batean bostehun baserri inguru zituen, eta gehienen inguruan zeuden karobiak. Hogeigarren mendearen erdi aldera hasi zen karobien gainbehera, lan neketsua izanik lantegietan jornala irabaztea errazago zelako, eta bestalde kare industriala erraz lor zitekeelako prezio onean. Uribarri auzoko Urzelai baserria izan zen azkenetarikoa langintza hau uztean, eta baserriko beharrak betetzeaz gain, Garai enpresarako ere egiten zuten karea.

Karea egiteko bi lehengai ezinbestekoak dira: kararria eta egurra. Harri denak kalitate berekoak ez direnez, estima gehien Aloña, Orkatzategi eta Andarto ingurukoak dute. Kararria kare bihurtzeko beroa ezinbestekoa zen, eta egur dexente erretzen zen ekinaldi bakoitzean. Horretarako bi karobi mota zeuden, lurzulokoa eta zakarrezkoa.

Lurzuloko karobia zuzenean lurrean egiten zen aitzurrarekin, eta ataka izan behar zen lekua harriz eraikitzen zen. Gehienak mendian kokatzen ziren, kararria eta egurraren gertutasunaz baliatzeko. Mendeurreneko urte honetan ehunen bat lurzuloko karobi katalogatuta daude, egoera onean bizpahiru besterik ez badaude ere.

Zakarrezko karobian ostera, eraikuntza osoa harrizkoa da, bereziki horretarako eraikia. Aurreko motakoa baino modernoagoa, baserri inguruetan berrogeitahamarretik gora aurki daitezke gaur egun, eta batzuk dexente ondo iraun dute, hogeitik gora badira oraindik zutik daudenak.

Kare isurketa
Karobiari sua eman baino lehen, kararria eta egurra franko pilatu behar zen, behin hasiz gero ez zegoelako etenik. Hasteko, karobi barruan eta atakaren altueran, hau da, beheko sarrera txikiaren parean, ganga bat egiten zen harri handienekin. Horretarako ibilitako espezialistak zeuden, lan zailena zen eta.

Bestalde, labearen barren-barrenean erregaiaren errautsak geratzen diren lekua hautsontzia izanik, bertatik kanpoko aldera kainu bat egiten da. Bere erabilera bikoitza da, errautsak ateratzeaz gain airea sartzeko ere balio duelako, suari tiro ona emanaz. Gangan ipintzen den azken harria giltzarria izango da, ganga osoari sostengua ematen diona. Ondoren, gainerako kararriak botatzen dira labe barrura goiko ahotik, karobia guztiz bete artean. Ganga azpian geratu den hutsunea egurrez beteko da atakatik, eta sua emango zaio.

Gau eta egun jardungo du suak, hasieran motel labea eta kararria ondo lehortu arte, eta gero indarrez. Egurra eten barik sartu behar zaio. Bostgarren egunerako kararria egosi egingo da, karea bihurtuz. Honela, lanak modututa geratuko dira. Karea hotziketan utziko ondoren, erabat gogortu aurretik goiko zulotik aterako da.

Lan gogorra eta neketsua zela diote aritutakoak, gau eta egun sua zaintzen egoteaz gain, hautsa sortzen zelako, eta kareak eskuak erreta uzten zituelako ateratzeko unean.
.
.------------------

3.4 - ABELTZANTZA
3.4.1- ABELTZANTZAREN HISTORIA
Abeltzantzaren historiaurrean Euskal Herriko biztanleek, Europako beste lurraldeetakoek bezalaxe, Neolitikoaren garaian (J.a. 3500 urte) hasi ziren abereak hezten eta etxekotzen, aurretik ehizan soilik baitziharduten. Honela laburbiltzen da aroen bilakaera eta animalien bizitzeko era:

1- Erdi aro paleolitikoa, Musteriensea, -90.000 j.a.urteak: abelgorrien ehiza: uroa, bisontea.
2- Goi paleolitikoa, Aurinazensea, Solutrensea eta Magdaleniensea, -35.000 j.a.urteak: bereziki oreina, sarrioaren ehiza nagusiki, eta basahuntza
3- Mesolítiko aroa, Aziliensea eta Mesolitikoa, -9.000 j.a.urteak: oreina, basurdea eta orkatza. Abereak hezteko urratsak
4- Neolitikoa, -4.500 j.a.urteak: abereak etxekotuta, era berean ungulatuen ehizan jarraituz
5- Metalen aroa, Eneolitikoa, Brontze aroa eta Burdin aroa, -2.600 j.a.urteak: ardi artzaintza transhumantea

Brontzezko aroan nabarmentzen da ardi artzaintza, eta garai horretakoak dira mendietan aurkitzen diren hainbat estazio megalitiko, hala nola Mailako tumuloa, Artzanburuko dolmena, edo Zorroztarriko menhirra. Bestalde, haitzuloetan ere aztarna ugari utzi zizkiguten artzainek, Zabalaitzeko brontzezko haizkora kasu.

Gaur egun Aloñako mendikatean dabilen aberea lau motatakoa da bereziki, zaldi/behorrak, mendi behiak, ardiak eta ahuntzak. Ugarienak, zalantza barik, ardiak dira. Gainera, ardiak arraza batekoak diren bitartean, ezin da gauza bera esan beste abereez.

3.4.2 - ARTZANTZA
Gure mendietako ardia Latxa buru beltza izenekoa da, esne asko ematen duena, azkarra eta mendizalea, ondo egokituta dagoena paraje maldatsuetara, eta ugaltze zikloak nolabait larreen zikloetara moldatu duena, maiatzean mendira igoz eta urrian jaitsiz. Baserritar belaunaldi ugariri eman dio ardi mota honek bizibidea, eta arrazaren garbitasuna mendeetan bikain gorde du. Hiru dira ardiaren ekoizpenak: esnea, gatzatua edo gazta egiteko; okela, 12 kg. inguruko bildotsarena edo ardi zaharrenena, eta hirugarren artilea.

Ardi emeen batez besteko pisua 45 eta 55 kg. artekoa den bitartean, arrak 55 eta 75 kg. bitartean ibiltzen dira. Artileak, moztu berritan, 1’5tik 2 kg.rainoko pisua izaten du. Artalde gehienetan umealdi bakarra izaten da, otsail aldera, eta estaltzeak irail/urri aldera egiten dira, era naturalean aixkomentean ar bat edo gehiagorekin, azkenaldian intseminazio artifiziala gehituz joan den arren.

Arkumeak 5 eta 5’5 kg.ko pisuarekin jaiotzen dira, eta 20-30 egunetan hartzen dute amaren esnea. Ugaltzeko gordetzen direnak 100 egun irauten badute amaren alboan, besteak artaldera botatzen dira larrean hasi bezain aguro. Ardiak birritan jaisten dira, egunsentian eta ilunabarrean, 12 orduko tartearekin. Eskuz zein automatikoki, litro bana pasatxo ematen dute gutxi gorabehera.

Ardien esnea ia gazta egiteko erabiltzen da soilik, eta 1987tik hona Idiazabal Jatorri izendapena ofizializatu zenez geroztik, bere arauteera jarraitzen da koipea eta proteinen arteko oreka mantentzeko. Era horretan, saltzen jartzen den gaztak erauzkin lehorrean % 45eko koipea baino gehiago eduki behar du, eta % 55 proteina gutxienez.

3.4.3 - ZALDI-ABEREAK
Zaldi-abereei dagokienez, mestizajea hain handia izan delako ezin daiteke sailkatu arraza zehatzean, garai bateko pottoka txikiaren ezaugarriak badituen arren. Mendietako zaldiak eta behorrak, bereziki hauek, oso lan gutxi ematen die zaindariei, eta askatasun osoz ibiltzen dira larran edozein parajetan, lantzean behin neguan barne.

3.4.4 - ABELGORRIAK
Aloña inguruko abelgorriak betizu edo pirenaika arrazakoak ditugu, txikiak altueran, 135 zm. batez beste, oso gogorrak eta maldetara egokituak, eta txit estimatuak okelatarako. Gorrixka kolore berekoak, behiak 550 kg. inguru hartzen dituzten bitartean, idiak 800 kg.raino ailegatzen dira. Azkenik, eta debekatuta dagoen arren, ahuntz talde urri batzuk ibiltzen dira Artzanburu aldean, eta mendikatearen ipar aldean.

Kopuruez, dauden datuak Aloña-Aizkorri mendikatearenak dira, ez baita samurra muga jartzea larran dauden abereen joan-etorriei. Ardiak 4.200 inguru dira 48 ugazaben artean, artalde handiena 415 burukoa izanik eta txikiena 21ekoa. Zenbaki hauei Urbia-Oltzakoak gehitu behar zaizkie, hor beste 3.700 ardi inguru baitabiltza 19 ugazaben artean, guztira 7.800 buru osatu arte. Beraien mantenurako Aloña zeharrean 444 hektarea larre daude, Urbian 395 eta Oltzan 16. Hektarea bakoitzeko 9’17 ardi daude.

Zaldiak eta behorrak gutxiago dira, 140 nagusi eta 60 behor inguru, behiak 20ren bat, eta ahuntzak 100 gutxi gorabehera.

3.4.5- ARTZAIAK
Artaldeen larra-ohiturei eta jabetzari buruz, nahiko ongi sakabanatuta daude mendikatearen alderdi ezberdinetan. Gehienetan baserriko ardiak dira, 58 artzaien artetik zazpi soilik direlako bertatik bizi direnak 200-300 ardiekin. Badira beste artalde handi batzuk ere, baina baserrirako diru-iturri laguntzaile moduan erabiltzen dituztenak. Gehienek, 36 artzainek, artalde txikiak dituzte 20-100 buru ingurukoak.

Baserrietan bizi diren artzainak bizi baldintza onak dituzte, kalean tamainan, eta pista sarea ona dagoenez, 4x4 berebil indartsuetan igotzen dira mendira astegun zein asteburuetan. Urbia aldean ostera Partzuergoko larrak daude, eta atzaiak txabolatan bizi dira, baldintza ez hain erosoetan. Izan ere, artzantza profesionalaren etorkizuna ikusteko dago, oso bizitza lotua eta irabazi urrikoa delako kalekoarekin alderatuz.

Artzaien etxabola gehienak oin errektangular bakarrekoak dira, teilatua bi uretara daukatenak, eta sarrera Ekialde edo Hego/Ekialdera begira, Ipar edo Ipar/Mendebaldeko haize gogorrak ekiditeko. Leiho txikiko harri-hormaekin egina, bizpahiru gela dituzte: sukaldea su-bajuarekin, logela eta gaztaiak gordetzeko gela. Etxabola nagusiak aixkomentean aldamenean beste bat edo bi ditu: lehena, gazta egin eta ketzeko eta lanabesak gordetzeko, eta bestea, artaldea gordetzeko.
.
-----------------

3.5- ZUHAITZ LANDAKETAK
Iragango urteetan, Oñatiko Natur Eskolak negu amaieran antolatzen duen Ingurumen Astearen barruan, Aloña zeharrean zuhaitz landaketak eginda ematen zaie bukaera ekitaldiei. Gaztetxoei zuzenduta daude batez ere ekitaldiak, eta gurasoen laguntzaz burutzen dira auzolanean lanak. Batzuek aitzurrarekin zuloak egin ondoren landaretxoak kontu handiz landatuz, eta nagusiek, oholesiak sartu eta alanbre kixkiaz itxituria inguratuz.

Durutik Mallarako pista kontran, Unaimendin, edo Gorgomendirako pista kontran, pagoak, lizarrak, haritzak, haginak, elorri zuriak eta pinu gorriak landatu izan dira.
.
.-------------

3.6– MENDIZALEAK
3.6.1- OHITURAK
* Gurutzea dela eta, Aloñara igotzeko joera sustraituta dago oñatiarren artean, Bestalde, urtero biltzen da mendizale talde bat Aloñan urtarrilaren 1eko goizeko hamaiketan, urte berriari ongi etorria emateko.
* Iragango urteetako Gabonetan Pedro Zabalak argia ipintzen du Aloñako gurutze parean, Oñatira begira, Cegasako pilen indarrarekin txantxikuarroi argitzeko.
Argiekin batera, jaiotza polit hau ipini zuen Aloñako gurutzearen itxitura aurrealdetxoan, eta harrez gero han jarraitzen du, negu zein uda.

3.6.2 – TONTORRETAKO BUZOIAK:
* Plakak dioena: Kke. Txantxiku-Txoko – GORGOMENDI ALOÑA - Alt: 1238 Mt.- 1961/5/28. Ezaugarria: Baserria
* Plakak dioena: Aloña Mendi Kkb - Oñati - BOTREAITZen garaiera 1317 Mt.- 1969/11/11. Ezaugarria: Postontzia
* Plakak dioena: Kke. Txantxiku Txoko – AKAITZ Mendia - 1.324 Mt. Ezaugarria: Baserria.
* Plakak dioena: HERRIKO HAITZA - 1.276 Mt. - 1996. Ezaugarria: Perretxikoak
* Plakak dioena: Aloña Mendi Kkb - HARRI-URDIN - 1.284 Mt – OÑATI - 1972/4/9. Ezaugarria: Sardea
* Plakak dioena: ARTZANBURU, Kke. Aloña Mendi – 1368 Mt. – 1966. Ezaugarria: Aterpea. 1942ko abuztuaren bederatzian ipini zuten Artzanburun lehen postontzia.
.
.-------------

3.7– EHIZA, EGURRA ETA AISIALDIA
Aloña zeharra Ehiza Babeslekutzat dago hartuta, Arantzazuko errepideraino, eta ondorioz bertan jarduera hau debekatuta dago. Aldiz, Urbian eta Oltzan ehiza onartuta egon arren, eskuarki ez da egiten.

Mendiaren baldintzei, larre asko eta zuhaitz eskasia, ongien moldatzen diren espezieak eperrak eta erbiak dira. Garai batean ugariagoak ziren, inguruetako baserrietan garia, artoa eta garagarra ereiten zirelako, animalientzat nahiko ale geratzen zela. Baina laborantza horiek urritzen joan ziren heinean, jatekoa gutxitu zitzaien eta animaliok urrituz joan ziren. Bestalde, harrapariak bere tamainan jarraitu zuten, batez ere azeriak, eta neurri apalagoan mendiko katuak eta inguruetako baserrietan baztertutako katu basatiak.

Hegazti harraparien presentzia ez da larregikoa, eta ehizan duen eragina nahiko txikia da. Horkatzategiko hormatzar bertikaletan habia duten saiak dira ugarienak, eta beraien betebehar nagusia, ehiza baino, sarraski lana betetzea da, hildako abereak janez.

Zozoa eta birigarroa dira aurki ditzakegun beste espezie zinegetikoak, basurdearekin batera. Udazkenean berriz, oilagorrak eta paseko usoak ehizatzea dira. Hala, Belar inguruetan 12 ehiza-postu daude garai estimatuenean.

Egurrari dagokionez, historikoki izugarrizko garrantzia izan dute zurak eta egurrak, lehenak eraikuntzarako eta bigarrenak sutarako. Bestalde, ez da ahaztu behar duela gutxi arte ikatza egiten zela mendian. Baina aurrerakuntzaren eta bereziki industrializazioaren eraginez, bizimolde horiek desagertuz joan dira, eta gaur egun egurra soilik dago baloratua, etxe batzuetako su-bajuetarako erabiltzen baita.

Partzuergoan, egurraren ustiapena 1890ko araudi baten bitartez ongi erregulatuta zegoenez, edozein herritarrek har zezakeen ihartuta edo hondatuta zegoen zuhaitzetako egurra, horretarako baimena lortu ondoren. Errealitatean eskubide hau ez zen larregi erabiltzen, garraioa oso garestia zelako, eta azkenean ohitura zaharkituta geratu da.

Oñatiko Udalak herriko lurretan landaketa ugari egin du. Nabarmenenak honakoak dira: Sindika buruan Larizio pinua, Malla eta Durun Larizio pinua, Japongo alertzea eta izei gorria; Lizartzan Larizio pinua eta Japongo alertzea; Kortakogainen izei gorria, radiata pinua, eta atenuata pinua, Belarren Larizio pinua, eta Zapata zein Arrikutz buruan silbestre pinua, Japongo alertzea eta pagoa.

Aisialdiari dagokionez, azken belaunaldian gizartearen ohiturak aldatu diren neurrian mendizaletasuna gehituz joan da, jendeak denbora libre gehiago duelako alde batetik, eta jubilatu osasuntsu eta motorizatu gehiago dagoelako bestetik.

Euskal Herriko beste hainbat lurralde Parke Natural izendatuak izan dira, naturaren babeserako, eta hala daude adibidez Urkiola, Balderejo eta Aralar mendi alorrean, eta Urdaibaiko Erreserba itsas gunean.

Aloña-Aizkorri inguruetan gero eta mendizale gehiago dabilela kontuan hartuz gero, horrek dakarren garbitasun eta babes arazoekin, Parke Naturalek daukaten arautegia eta onurak gure inguru hauei ezartzea ez litzateke batere gaizki etorriko, ondorengo belaunaldiei guk jaso duguna harik eta ondoen uzteko, gizalegean.
.
.----------------

3.8 – USTIAPEN DESBERDINAK
* Ur-biltegi mordoska dago Aloñako magalean, Oñati eta Legazpi alderako ura batzeko. Azpiegitura formalak eraikitzen ziren uraren garraiorako, Ubaotik behera datorren ur-hodia adierazle garbiena.
* Gaur egun utzita dagoen Kataberako meategia. XIX. mendearen amaieran eta XX.eko hasieran kalamina ekoizpen handiak lortu zituzten. Udanara eramaten zuten minerala.
* Aloñapean igeltsutegi bat ere bazegoen. Hirurogeiko hamarkadan eten zen bere jarduera. Kataberan lez, bagonetatan garraiatzen zuten ekoizpena Azkoagaineraino.
.
.---------------

4- ALOÑA LITERATURAN


4 – ALOÑA LITERATURAN
4.1- MANUEL UMEREZ GORIBARGOITIA (1757-1818)
Goribar auzoko Goribargoiti baserrian jaio zen oñatierazko lehen testu inportanteak taxutu zituen idazle eta abade hau. San Migel parrokian aritu zen hogeitamar urte inguruan eta kabildo barruan hainbat kargu eduki zuen, idazkariarena besteren artean. Bi liburu utzi zizkigun:
1- “Osaba baten instruccinuac bere illoba Ezcondu eta Necazari batentzat bere eta bere Familiaren gobiernu oneraco Jaungoicoaren Legue santubagaz conforme”. 1805. urtean moldatua da eta 440 orrialde ditu.
2- “Errectore Jaun baten instruccinuac ezconduric vizi dan Adisquide batentzat bere eta bere Familiaren gobiernu oneraco Jaungoikoaren Legue santubagaz conforme”. Garai berean idatzia, 478 orrialde ditu.

Eskuizkribuok historia luzetxo eta korapilotsu samarra daukate. Oñatiko Olabarrieta auzoan dagoen Arrazola-azpiko izeneko maiorazko-etxean topatu zituen 1930 aldera Jose Adrian Lizarralde Arantzazuko historiagileak, eta harrezkero bataren eta besteren eskuetatik pasatu ondoren, Jerardo Elortzak ikertu ditu.

Hona hemen Oñatiko mitologia eta sineskerien inguruko aipamenak dakarren pasarte bat:
"... Eta nora guaza odei denporako gizur sinisketa oneikaz, bardin odei aserriak ekusi oi dirian alderen batetik aurkiketan bada iñork ondarrik ez dekion leze andiren bat, nire gazte denporan Oñatin, estudioetan nenbillela, entzun oi neben legez Gaiztazuluaren izena daukan leze bategatik? Entzuten neben bada, leze onetan diabruak bizi diriala, sartu eta urten ibiltzen diriala batez ere odei aserria daguanian, urlia arzainegaz eta berendiagaz au gertatu zana eta bestia, eta beste onelako milla atso ipuiñ ume artian ere denpora irago garri esaten kristaun batek lotsatu bihar leukiana ...".
.
.--------------
4.2- JOXE MARI IPARRAGIRRE (1820-1881)
Urretxuko kantari ospetsua Espainian eta Frantzian, Suitzan eta Britainia Haundian, Argentinan eta Uruguayn bizi izan zen. Bere abestirik ezagunenak honakoak dira: Gernikako Arbola, Kantari euskalduna, Nere amak baleki, Zugana Manuela, Nere maitearentzat, Agur Euskal Herriari, Amerikatik Urretxuko semea, Nere etorrera lur maitera, Ezkongaietan, Glu, glu, glu ...

Azken urteak Euskal Herrian eman zituen, eta Oñatiko udalak deituta bertako jaiak alaitzen izan zen garai horretan; hogeita lau bertsoko ALOÑA MENDI saioa geratu zaigu oroimenean. Lehen eta azken hirurak jasoko ditugu hemen:

ALOÑA MENDI
Aloña mendi aldamenean,
guztiz leku agerian,
Oñati eder hau ikusten da
zelaitxo baten erdian.

San Migeletan hango jaietan,
dantzan ta alaitasunean,
ai zer egunak pasa ditugun
bizkaitarren lagundian.

Bergara ta Markina,
Mondragoi ta Oñati,
gaztedi eder fina
han bai zela galanki.
...
Herriko jaunak atera zuen
ilunabarrean dantza,
ai! ederra ta ikusgarria
orduan Oñatiko plaza.

Ezin eta hobeto egin zituen
jira-bira dantza-aurreak,
ondoren zetozen apaindurik
bertako dama guztiak.

Dama haien artean dena
modua eta grazia,
harriturik gelditu zen
begira jende guztia.
.
.------------

4.3- TXOMIN AGIRRE (1864-1920)
Ondarrun jaio ondoren, ia bizi osoa Zumaian eman zuen, bertako mojen kapeilau lanetan. Euskal literaturgintzako idazle eta nobelagile klasikoenetakoa dugu, eta aipatzekoak dira bere “Auñamendiko lorea” (1898), “Kresala” (1906), “GAROA” (1912), eta amaitu barik utzi zuen “Ni eta ni” (1920).

Bere lan aipagarrienak Kresala eta Garoa dira. Lehenak berak hain ondo ezagutzen zuen Ondarruko arrantzaleen giroa islatzen du, eta Garoak berriz, barru aldeko baserritar giroa. Zergatik aukeratuko ote zuen Oñati eleberriaren kokapenerako?

Oñatin pare bat aldiz egon zen soilik. Lehena 1902an, bertan Euskal Festak ospatu zierenean, eta bigarrenez, 1918an Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia sortu zireneko ekitaldi ospetsuetan. Eta dakigunez, ez zuen izan aukerarik Aloña, Urbia edo Aizkorriko inguruak ezagutzeko, nobelan hain sarri agertu arren. Ziur asko Zumaiako mojetxean zegoen Eustakia Urretak emango zizkion leku eta izenen xehetasun guztiak, eta baita bertako ohituren hainbat berri.

Hona hemen GAROAren pasarte batzuk:
* 19. orrialdea:
... Horrela zen Joanes nik ezagutu nuenean.
Sendoak zituen oraindik artzain zaharraren beso zaintsuak, txit azkarrak bere oinak, zindoak bere bular-auspoak.
Hirurogeita hamabi aldiz ikusi zuen, Aloña mendiko hariztietaan, ostro berdea berriz jaiotzen; baina ez zion eramango hemeretzi urteko mutil batek ez aizkora jolasean, ez burni astuna jaurtitzen, ez mendietan gora edo ibarretan zehar lasterka..
* 34. orrialdea:
... Hiru anaiak ziren izugarri langileak, eta behar ere bazuten. Gauzak nondik eta nolatan begiratzen diren iruditzen zaizkigu handi edo txiki, eta Zabaletako lurrak Arteagatik edo Aloñatik begiratu ezkero huts irudikoak izan arren, txit astunak ziren behar bezala maneatzeko ...
* 71. orrialdea:
... Egun baten Pedro Anton morroia berri on bat ematera joan zitzaion Joanesi mendira: etxean haurra jaio zitzaien, eta neskatxa zen!
Gure artzainak Aloñatik jeitsi zenean, ezpainetan zekarren barruko alaitasunaren barrea...
* 168. orrialdea:
... - Zuek, gazteak, ez zaudete ongo gure hiletak entzuten; zoazte, bada, horruntza zerbait ikustera.
- Ondo gaude, aitona.
– Ez, zoazte, erosi itzazue gozo batzuk etxerako.
– Ilobak al dituzu. Joanes?.
– Ilobak.
– Landare onak!. Garo artean har dezatela lurra, Aloñatik hurrean ...
* 239 orrialdea:
... Hementxe egongo naiz beti zurekin eta zure ahizpatxoarekin; hementxe aseko zara nere maitasunez; bertan apainduko zaitut zeruko dohainaz; bertatik ikusiko duzu, Aloñatik baino hurrerago nere betiko jauregi ederra...

* 284. orrialdea:
... Zeruan daukazu iraupeneko sari osoa, zeruan zure jarleku handia, eta bertan nahi zenuke jarri; hantxen, Aloña baino gorago, odeiak baino gorago, izarrak baino gorago dagoen betiko maitasun, eztitasun eta edertasun guztien iturburuan nahi zenuke jarri...
* 294. orrialdea:
... Ohe zurian luze luze, burko bigunean burua hondatuta,arnasarik hartu ezinda, izerdi larriz bustirik, azkenetan dago Joanes, Zabaletako nagusi zaharra, Urbiako artzain ospetsua, Aloña mendiko jaun eta erregea...
.
.----------
4.4- SALBATORE MITXELENA (1919-1965)
Zarautzen jaio zen, bertsolarien familia batean. Arantzazuko frantziskotar eginda, Latinoameriketako hainbat lurraldetan misiolari aritu ondoren, Suitzara bidali zuten emigranteen kaperau, bertan hil arte. Gerra osteko poetarik ospetsuenetakoa izatera ailegatu zen, bizitza gehiena atzerrian eman arren. Bere lan nagusiak honakoak dira: “ARANTZAZU. EUSKAL SINESMENAREN POEMA” (1949), “Ama-semeak Arantzazuko kondairan” (1951), “Arraun eta amets” (1956), eta “Unamuno eta Abendats, bilbotar filosofoaren eta euskal animaren jokerei antzemate batzuk” (1958).

SARRERA
Talan ... talan ...
Aloñaren maldan,
Antzina zaharraren
Altzo-altzotikan.
Talan ... talan...
Aloñaren maldan

Baltzategiko Errodrigotxo,
zorioneko artzaina:
hik entzun huen lehenengo aldiz
zeru-deiaren kanpaia.
Zorioneko kanpaia eta
Zorioneko artzaina!

Talan... talan...
Aloñaren maldan.
Zeru bera ari zen
Deika kanpai hartan.

MARI-GAIZTO ETA ERROMESAK
Zaldi-karroza suzkoan,
gaua izar dagoenekoan,
aideak-zehar paseatzen da
Mari-gaizto jaurgo osoan.

Aloña, Aralar, Gorbeia, Anboto ...
Ibiltzen ditu txangoan.
Mari-gaizto honek izen asko ditu: Anbotoko sorgina, Aizkorriko sorgina, Gaiztoa ... eta abar. Sorgin guztien ama da. Eta gainera ekaitz, lehorte eta beste gaitz guztien sortarazlea.

GAIZTOZULO zuen izena Mari-gaiztoren Aloña-gaineko jauregiak edo leizeak.
Eta bertan, dantza eta algara,
Mari-gaizto izarretara...
Ez duzu ikustez airez iruten
sorginkerizko izara?
ilargi-betez koroaturik
buruko ile-aparra...

ZERUAN AIANGERUAK
Uribarriko ardi txuriak:
utzi beheko lainopea.
Aloñan gora, Aloñan behera
dago zerutar larrea.
Ez beldur izan arkaitz arteko
basapiztien erpea.
Helduko da bai zuen atzetik
Errodrigotxo ernea...

... Ohi udaberriz Aloña-maldan
elorriaren lorea!
Elorriaren loretan Lore,
Birjina errugabea!

KATABERAKO GAINETIK
Kataberako gainetik
- non aurki balkoi hoberik?-
itxasoraino nabari duzu
Euskal Herria osorik.

Kataberan, Harri-urdin
Oiloak txitak ez bezain
maiteki Amak eusko-aurloa
zaintzen du hemendik, bigun...

KATABERAKO HARRI-URDIN: horrela deitzen diote zegamarrak, hiru harriz eginda dagoen berezko aulki bati. Denboraldi txarrak direnean, hara igotzen omen da Ama Birjina; eta handik, aulki hartan eserita, zaintzen omen ditu herriak ezbeharretatik.
Erromes bakoitzak, handik pasatzerakoan, bertatxe eseri behar du eta hala egon, Salbe bat esan bitartean. Oraindik ere irauten du sinesmen eta ohitura horrek.

Arantzazuren agurra
dakartzugu, eusko-lurra,
Arantzazuko agurrarekin
Amaren zaingo xamurra.

ALOÑAKO AMAREN JAI EGUN BEZPERAN gertatua, 1638.eko abuztuak 7
Bataloi lagun batek, hain zuzen, su eta gar
ekin du Donostiatik herio-suar
frantses erbestear,
trintxeratan zehar;
eta hara, garaipenez Hondarribian sar!
... Igeri eta igeri,
lehorrik, baina, ez nabari...
Ito baino lehen denok promesa
Aloñakoari.

Bai heldu ere mirari,
zuri esker, Andra-Mari!
Aitaren baten, bizirik denok
herrian ageri!
.
.------------

4.5- BITORIANO GANDIAGA (1928-2001)
Mendatan jaioa, oso gazte etorri zen Arantzaura fraide izateko. Hogeigarren mendeak eman duen euskal poetarik onenetakoa, honakoak dira bere lan aipagarrienak: “Elorri” (1962), “Hiru gizon bakarka” (1974), “Uda batez Madrilen” (1977), “Denbora galdu alde” (1985), eta “Gabon dut anuntzio” (1986).

Olerki argitaratu gabe hau Pello Zabalak eskuratu digu:
Behorren irrintziak nau
Aterazi lehiora,
Eguzki jauna igo da
Mendi bizkarrez gora,
Irail ederra landetan,
Irten naiten kanpora,
Agian usoak doaz
Ifarretik hegora.

Bizitza-soinu alaiak
Haize gozoz kantari,
Izakiak ehun kolorez
Begien gozakari,
Bideak zehar irten naiz
Erantzunen ehiztari,
Galdez ari bai natzaio
Zeruko argiari.

Barru gazigozoz noa
zelaietan barrena,
gauzak hain argitan eta
gizonak, hauxe pena!
Ezin urratu inola
lausodura zekena,
ez dut hain garbi ikusten
ikusi nahi nukena.

Ardi eta behor pozik
Aloñako hegian,
gurutze bat ageri da
mendi-punta jaian,
hauxe besterik ez nuen
erantzuna, agian,
zentzua topatzen diot
fedearen argian.

Badakit Norengan dudan
sinesmena ezarri,
huraxe gertatuko zait
zalantzetan eustarri,
Bera duket ilunbetan
begion argigarri,
Hura lagun dudalarik
ez nabilake larri.

Argiaren Egile On,
zaitzadala nik ikus,
baduket pozik sobera
Zuk begiak argituz,
gurutzean zaude baina
berbizkuntza-errainuz,
naramazu eskutikan
gura duzun eremuz.

Behorren irrintziak nau
aterazi lehiora,
Eguzki jauna igo da
mendi bizkarrez gora,
Irail ederra landetan,
irten naiten kanpora,
agian usoak doaz
ifarretik hegora.


1980.eko iraila.Doinua: “Izotz ondoko eguzki”
.
.----------------
4.6- MIGEL IÑURRITEGI (1926-xx)
Oñatin jaio zen garai batean Olakuako dorrearen ondoan zegoen baserrian. frantziskotar izateko asmoz mutikotan joan zen Arantzazura, eta 1951.eko otsailaren 17 eman zuen bere lehen meza. Aloñako gurutzearen berrogeita hamargarren urteurrenaren ospakizunen inguruan, “Olaa” ezizenarekin ondorengo bertso sorta ederra argitaratu zuen urte hartako “Oñati” aldizkarian.

OÑATIRI
1
Zer du Aloñapeko
nere jaioterriak ...?
Zer ote ixilean
Bihotzeko Oñatik...?
Jaso ezazu burua!
Ez eduki beldurrik!
Euskal Herri osoan
nor zu adinakorik?
2
Herriaren erdian
tinko Parrokia
eliza eder-zabala
eliza handia.
Aldare nagusian
Mikel gudaria
oñatiar guztion
Santu zaindaria.
3
Kondai-etxeak ere
badituzu ugari
oñatiar semeak
hor, jasota, zuri.
Baserriak barrezka
hor-hemen kantari
arkumeak bezala
zelaian jolasti.
4
Baso mendi guztiak
jantziz dotoreak,
dotoreenak ordea,
Aloña-mendiak.
Bertantxe bait daukagu
Gurutz zaindaria,
aurten berrogaita hamar
urte han jarria.

5
Aloñako gurutzea
ari da eskari
“Gurutze berri bat jaso
egizu Oñati.
Zugan ipini nuen
nere bizi-toki
jaso egizu, bada,
hemen gurutze berri”.
6
Aloñaren maldatik
berriz, Andra Marik:
“Arantzazun, Oñati,
eliza bat neri ...
Hemen bizi zaitez
nigan ta nerekin,
ni bizi nadin beti
zurekin Oñatin.
.
.----------
4.7- JERARDO ELORTZA (1947–xx) & IÑAZIO IRIZAR (1953–xx)
Oñatiar kaletarrek, bigarrenaren “Makalenaren Herri Antzerkia” (1985) liburuko sei antzerkietako bertsoak egin zituztenean, hasierakoa beti Joxe Mari Iparragirreren Aloña Mendi doinuarena izaten zen. Adibide gisa, honakoa da “Oñatiko Unibertsitatea 1760” antzezlanaren hasierako bertsoa:

Aloña mendi aldamenian
guztiz leku agirian
Oñati eder hau aurkitzen da
Aurtengo Herri egunian,
azoka ta ferian (e)
plaza eta kalian
jendea dabil gustora,
jai giro atsegintsu honetan
orain dator antzerkira.

Aurreko urteetan bezala
berriz hemen gaituzue
gu artista kaskarrak garela
zuek ondo dakizue,
baina herriko saltsak (e)
ohiturak eta dantzak
ikusiko dituzue,
borondate on apur batekin
gustatuko zaizkizue.

Gaurko antzerki apal honetan
Azalduko dugun gaia
Oñatin gertatu zen benetan
ez da asmatutako ipuia,
esandako guztia (e)
ia ia da egia
gu ez baitgara gezurti,
kontu zaharrak gogoratuz
jaso dezagun Oñati.
.
.-----------------