Natura, mendia, zuhaitzak, gurutzea, aterpea, artzaiak, Belar, Duru, Gorgomendi, Arantzazu... ______________________________________________________

2010(e)ko otsailaren 15(a), astelehena

5- MITOLOGIA


Rufino Elortondo
“Anboto señoriaren ibilixak mendi batetik bestera ziren, Korosotik Anbotora eta Anbototik Aloñara. Horreitako batean eskuturra apurtu zitzaion alde batetik bestera salto egitten jausi zenean. Orduan bazen Koroso aldeko mendi honeittan ardien hanka-hezur apurtuak oholtxuekin osatzen zituen agure bat, eta Señori horrek jakin zuenean hori, agurearengana joan eta osatu zion.”

Jexux Kortabarria
- “Gorgomendiko Señoria Anbotoko Señoria bera da. Hor hodeixak jotzen duenean Anbotoko Señori hori Gorgomendira aldatzen da. Batzuk Andarton egoten zela be esaten dute Anbotoko Señoria”
- “Otzarritako jentilek Aloñako beste lagun jentilei sua eskatzen zieten beraien pipak isiotutzeko. Horretarako Aloñako jentilek pagoak sustrai eta guztiz atera, sua eman, eta airean bidaltzen zizkieten Otzarrotakoei”

Andres Lizarralde
- "Nik entzun izan dut Andarton irten eta sua eta garra Gorgomendira etortzen zela, eta hori horra etortzen zenean, bederatzi bat egunetan denbora txarra egiten duela”
- “Señora hori urte baten Anboton eta bestean Gorgomendin izaten zen. Gauean pasatzen zen, dena sua eta garra eta argi-txipiztina. Honuzkotan ikusten zen. Hona etortzen zenean denbora txartu egiten zen. Gorgomendin zegoenean Uribarri izaten zen zigortuena”
- “Artzai bat joan zen leizera ardia ateratzera, eta erantzun zion Gaiztozuloko señoriak bere lagunari: Akixok, akixok ahal bakixok. Baina ezin leikixok, aldian xakok arruria ta apixok - Hel hakio, hel hakio ahal bahakio. Baina ezin leikio, aldean zeukak erruda eta apio (Sorginen eragina saihesteko paparrean erruda eta apio landareak ipintzen ziren zintziliz)

Graziano Anduaga
"Gorgomendi gainean dago Gaiztozulo. Hobeto esateko, Buetraitzen ondoan. Hauxe da Gorgomendiko Señoriaren bizilekua. Buztana luze ebala etortzen omen zen Anbototik Gorgomendira. Hura Gorgomendin zegoenean, negua txarragoa izaten zen. Gu gazte ginela, Oñatitik abadeak joaten ziren zulo hori bedeinkatzera. Orduan txondorrak egiten ziren San Juan egunean bedeinkatutako belarrekin. Erruda eta apioa ziren etsaia botatzeko indarra zeukaten belarrak”

Leandro Igartua
- "Behin batean ama bat umetxo batekin bizi zen, eta ama hau oso gaiztoa zen. Egun batean haserreturik, umetxo honi esan zion, -Deabruak eramango al hau. Eta hitz honeik esatean, deabruak umetxo hau Gaiztozulora eroan eban. Geroago, Aloña barrenean umetxo bat zotzak batzen bilatu ebein gizon batzuk, eta gizonok galdetu zioten umetxo honi, -Umetxo, zertan zabiltza?. Eta umetxoak erantzun zien, -Zotzak batzen. -Non daukazu etxea?. Eta orduan umetxoak bere eskuarekin Aloñako goiko zuloa erakutsi zien ... Berehala gizonak lainoak estali zituen, eta umetxoa be ezkutatu zen“

Joxe Altube
“Nire amandreak izarloka batek zerua zeharkatzen ebela ikustean zera esaten eben: -Hor doa Anbotoko Señoria Gaiztozulo aldera”

Felix Arrazola
“Beste behin, Gaiztozulora bildots baten bila Arantzazuko fraide bat sartu zen. Soka batetik txintxiliz, abito eta estolarekin, ur bedeinkatuzko isopoa euskuan zuela. Lezean sartu zenean, Señoria bildotsaren gainean jezarrita, eta urrezko orraziarekin lasai asko orrazketan ikusi eben. Fraidea ur bedeinkatuko txipiztinak botatzen hasi zen, eta Señoria berehala haize bolada bihurtu eta zulotik irten zen. Halaxe, bildotsa besoetan hartu eta atera zen Gaiztozulotik”

Klaudio Zurutuza
“Anbotoko Señoria sua eta garra dariola etortzen ohi zen Gorgomendiko Gaiztozulora. Izugarrizko zaratak entzuten ohi ziren Uribarritik. Gurutzea ipini ezkerozkoan ez dira entzuten”

Felix Ugarte
“Joxe Askazubikoa joan zen mutil bategaz Arabara mutilaren ezkontzarako ardotara. Etxerakoan bidea galdu zuen gauez, elur asko zegoen eta. Elurzulon gogoratu ziren, Artzanburu eta Harriurdin aldean. Han egoten ziren egur batzuk elurra ateratzeko tokian. Haik ikusterakoan gogoratu ziren non zeuden. Orduan Ama Birjinari meza eskaini zioten euren larritasunean, eta eskuko makilan argia agertu zitzaien eta argia aurretik joan zen Urbiako Arbelarko txabola batera. Han igaro zuten gaua, eta hurrengo egunean, Arantzazutik behera, etxera”

Iñazio Bergara
“Fraideek gurutzeak bedeinkatu zituzten ezkero, indar gutxiago daukate sorgin eta deabruak eta holako gauzak. Sorginak eta horiek fraideen bedeinkazioak hasi zirenetik asko kendu dira”

Ladislao Odriozola
“Ganadu guztiak eguraldiari antz ematen diote. Mendian, eguraldi ona badator, alferrik izan euria, beti egiten dute gora. Eta txarra badator, behera etortzen da ganadua”

GAIZTAZULO
Aloñako haitzen goikaldean dago Gaiztazulo, nahiko leku maldatsuan eta sarrera Oñati aldera duela. Bertan hiru gurutze daude, sorginak uxatzeko:
1) Sarrerako gurutze birgurutzatua,
2) Beste gurutze birgurutzatu bat sarrerako ahoaren azpian agertu zen, ziurrenik goitik jausita. Besoetan gurutzetxo grabatuak ditu, eta
3) Gurutze bat horman zuriz margotuta dago, elizako kustodia itxurarekin.
.
--------------