Natura, mendia, zuhaitzak, gurutzea, aterpea, artzaiak, Belar, Duru, Gorgomendi, Arantzazu... ______________________________________________________

2014(e)ko urtarrilaren 25(a), larunbata

2014ko ZUHAITZ EGUNA

2014ko zuhaitz eguna martxoaren 2an egin zen, domekan. Durun elkartu ginen, goizeko 9:30etan, giro onean. Eta lanerako prest, itxitura berria egin beharra zegoelako, sartu genituen berrogeita hamar lizarrak egoki babestuta geratzeko.

Antolakuntza, Imanol Artola eta Jon Ugarte basozainen zein Natur Eskolako Imanol Biain eta Jon Betanzosen laguntzari esker egin zen.
2012ko zuhaitz egunean, Juan Karlos eta Imanol Biain

Aurten, Juan Karlos Igartua adiskideari omenaldia egin genion, ezustean utzi zigulako. Bere hainbat lagun eta senide ere bertaratu ziren, eta zuhaitz bat landatu genuen, Lizartzako txabolaren parean, beheko taldeko argazkian ikusten den moduan. Gero, Aloña Mendi Kirol Elkarteko Lehendakaria den Anton Inzak, lau berba eskaini zion, hainbeste lan egindako lagunari, eta ekitaldia amaitzeko, denok bi bertso abestu genituen.

Ondoren, Lizartzako txabolaren atarian, salda beroa eta gura adina txistorra jateko aukera izan genuen.

Izena emateko, bi aukera egon ziren:
A) Fernando Maiztegiri esanda, Patrue Kaleko bere tailerrean, edo
B) Posta bat bidalita blogaren helbidera: aloinalagunak@gmail.com
Parte-hartzaileen zerrenda:
1- Imanol Biain
2- Iñazio Irizar
3- Fernando Maiztegi
4- Bittor Altube
5- Imanol Artola
6- Jon Ugarte
7- Jon Betanzos
8- Anton Inza
9- Ismael Etxeberria
10- Manoli Rivero
11- Jabier Atxa
12- Antonio Alonso
13- Jabier Etxeberria
14- Jabi Agirre
15- Koro Elorza
16- Juanje Anduaga
17- Itziar Igartua
18- Pepin Carmona
19- Unai Carmona
20- Txaro Anduaga
21- Migel Anjel Irizar
22- Rafa Altuna
23- Ane Aizpeurrutia
24- Alberto Igartua
25- Antonio Merino
26- Iker Arregi
27- Gari Korkostegi
28- Arantxa Barrena
29- Juan Aguirre
30- Markel Arrazola
31- Jabier Urkia
.
.
ANTON INZAREN BERBAK
Ez dakit noiz eta nola, baina baietz esan neben, eta hemen nau konpromiso honen aurrean. Juan Karlos-i buruz berba egin behar, eta gainera, bera nik baino hobeto ezagutzen zuten pertsona askoren aurrean: familiakoak, lagunak, eta ezagunak, bakoitzak bere momentuak, bere anekdotak eta bere irudi bat edukiko duten pertsonen aurrean. Eta nire kasuan ere horrela da, beraz nire ikuspegitik berarekin edukitako harremanetan oinarritutako gauzak komentatuko ditut.

Juan Karlos, ni baino gazteagoa izanda ere, aspaldi ezagutu nuen, Aloña Mendiko futbol sailean, beste pertsona eredugarri batekin, Jose Luis Agirrerekin, ordu asko pasatzen zuen Azkoagain futbola zelaia ederki mantentzen, Gipuzkoako zelai honenetako bat izatea lortu arte.

Jose Luisek konfiantza guztia zeukan Juan Karlosengan, eta denborarekin, beti isilean egindako lan horiek ondo egiten, zarata handirik atera barik, “antolakuntza makina engrasaitteko” eguneroko lan sistematiko horiek egiten, konfiantza hori, direktiba guztira zabaldu zen, eta Jose Luis hil eta gero ere, edozein arazo agertzen zenean, Oñatiko futbolaren “alma materra” den Jabi Azpiazu bere aspaldiko lagunak zuzentzen duen direktibatik, Juan Karlosengana joten zuten, beraren esperientziagatik, eta bere jarreragatik, arazoa konpontzeko bideak topatuko zituela ziur zeudelako.

Aipatu dot, isilean, zarata handirik atera barik, argazkietan irten barik, inungo protagonismoa hartu barik egiten zituela lanak, eta horretan, Juan Karlosek, Aloña Mendiko beste pertsona garrantzitsu baten antza handia zeukan: Enrike Zubiagirre, denontzat betirako gure elkartearen ohorezko lehendakariak ere, ezaugarri horiek zeukan.

Orain arte, futboleko sailarekin lotutakoak aipatu baditut ere, jarraian Aloña Mendiko orokorreko zuzendaritzarekin lotutako kolaborazioak ere azpimarratzea noa, tabernako kudeaketan, asko laguntzen zuen, bai inbentarioak egiten, bai bodegero ikuspegitik, hornitzaileak gestionaitten, eta baita, tabernarako langile berrien hasierako egunetako “instrukzioak” ematen, bera beti elkartearen interesak defenditzen.

Baina, elkarte orokorrerako egiten zituen lan horien artean, bat azpimarratzea nahiko nuke, bai Enrikek eta bai beste guztiok ere berarekin geneukan konfiantzaren adierazgarriena dena: tabernaren gestioan, astero egin behar diren lan batzuk daude (batez ere LOTOarena, baina baita tabernako kontuak), eta udan, abuztuan, urtean zehar Enrikek egiten zituen lan hauek, bere eskuetan gelditzen ziren, eta lan horiekin batera, tabernaren ardura ere bai. Sekula ez zuen ezetzik esaten.

Nik esango neke, abuztuan, bera izaten zela Aloña Mendi elkartearen lehendakaria. Eta zoritxarrez, pertsona askok ez dute hau sinisten, baina nahiz eta epe askotan paroan egon, lan horiek beti direktibo bezala egiten zituen, sekula ezer kobratu barik.

2007an Garagardo festa antolatzen hasi ginen, eta noski, nola ez, bere kolaborazioarekin. 2012garren urtekoan, paroan denbora asko jarraian zegoela ikusita, karparen gabeko zainketa egitea proposatu genion, eta lan horri ere baiezkoa eman eta ondo bete zuen. Hau izan zen Aloña Mendirako egindako ordaindutako lan bakarra. Orain arte aipatu ditugun lan guztiak ikusita, edozein motatako lanak egiteko bere gaitasunak azpimarratuko neke, eta elkartearentzat “luxuxko komodina” izan dela esango neke.

Noski, aurreko dena aipatu ondoren, gure arteko harreman pertsonalak ere denborarekin sendotu egin zirela esateak ez dio inori harrituko, eta azken urte hauetan, koadrilako lagun bezala edukitzeko aukera eta ohorea izan dut.

Gaurko “konferentzia” honetan zertaz berba egin erabakitzeko, egun hauetan, bere familiakoekin, eta betiko koadrilako lagunekin egon naiz, beraien anekdotak edo bizitako egoera azpimarragarrienak hemen esateko, eta hauen artean bere gustuko esaerak azpimarratzen zuten:
- Bere arrebak eta ezagutu genuen guztiok askotan entzun genion, “Donde no hay mata no hay patata”, eta gehienetan arrazoiarekin erabiltzen zuen.
- “Zer xauk?” galdera egin ezkero, bere erantzuna izaten zen, “Egon-egon asko, baina txarto partiuta”.

Orokorrean, bere komentaixuak, umore zorrotzarekin eta sarkastiko xamarrarekin janzten zituen. Baina denaren gainetik, nik, entzuteko gaitasuna azpimarratuko neke, hau da, normalean, berak pentsatzen zuena esan aurretik, besteek esaten zutena entzuteko “pazientzia”. Hori bai, gero, berba egiteko erabakia hartu ondoren, luze berba egiteko pertsona zen, eta batez ere, ordu txikitan, mundua arreglaitten denbora konturatu barik aurrera joaten denean, prisa barik ibiltzen zen pertsona, nahiz eta hurrengo goizean konpromisozko lanak eduki.

Aipatutako konpromisu horietan oinarrituta, familian eta koadrilan ere, lehen komentautako “luxuxko komodin” paper hori betetzen zuela uste dut, eta askotan entzuten genion, familiakoekin batera edo bestera joan behar zuela bisitaren bat egitea, baserriko lanak egitera joan behar zela, lagunentzat landarak ekartzera ere bera joaten zen, edozein momentutan, lagun bateri laguntzera edo ospitalean zegoen ezagun bateri bisitatzera joatea ere bere ohitura normala zen. Kalezaharra elkartean egiten zituen lanak ere aipatzekoak dira, bertako hainbatek esandakoaren arabera, agertzen ziren arazoak konpontzeko, askotan, berarengana joten zuten.

Koadrilako lagunen arteko harremanak “engrasaitten” ere, pertsona berezia zen, Kalezaharreko elkartean berak antolatutako bazkari eta afariak ugariak ziren, eta urtean zehar nonbaittera joateko planak ere bai, beti karroaren aurrean tiratzen, lagunen arteko gauzatxoak “limatzen”, eta orokorrean bizi-poza eraitten.

Nahiz eta itxuraz, patxadako pertsonaren irudia eman, aktibitate askoko pertsona zen. Gauza asko gehiago daude, baina “konferentzia” hau luzatzea ere ez da komeni, eta geure artean, Juan Karlos-i buruzko beste pila bat komentaixu daudela ziur nago, baina komentaixu guztien gainetik, nik behintzat, gaurko egunean azpimarratzen dotena, hau da: Juan Karlosek utzitako irudi ederrarekin gelditzen naiz, eta berak zeukan balore on horiek gure artean ez galtzen saiatuko naiz.

Bukatzeko, norbaiti nik esandako zerbait ez bazaio ondo iruditu, barkamena eskatzen diot.

BI BERTSO, DENOK ABESTUAK
Aloña Mendi aldamenian
guztiz leku agerian
Lizartza eder hau aurkitzen da
aurtengo zuhaitz egunian.
Berrogeita hamar lizar (bis)
itxitura batian
eta azkena bakarrik,
Juan Karlos joan zitzaigun baina
izango du oroimenik.
.
Aloña bihotzean zeraman
mendi eta kirolean,
lanerako beti egoten zen prest
gustuko auzolanean.
Adiskide leiala (bis)
irribarrea ezpainean
denontzat berba jatorrak,
gaur hiri eskainitako zuhaitzari
babestu egiok sustarrak.
.

.